BCMaterialsen urteko workshopak trantsizio berderako katalisia jarriko du erdigunean
BCMaterials, Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures zentroak, urteko workshoparen edizio berria egingo du: “New Materials for a Better Life”. 2026ko azaroaren 25ean, asteazkena, izango da, 9:00etatik 14:00etara, Martina Casiano eraikineko auditoriumean (UPV/EHUko Zientzia Parkea, Leioa). Aurtengo gaia “Katalisia trantsizio berderako: katalizatzailearen ulermenetik prozesuaren optimizaziora” da.
Katalisi prozesu hoberen bila
Katalizatzailea erreakzio kimiko bat azkartzen duen substantzia da, prozesuan agortu gabe: erreakzioa amaitzean hor jarraitzen du eta berriz erabil daiteke. Gainera, erreakzioa nahi den produktura bideratu dezake, nahi ez direnetatik aldenduz; propietate horri selektibitatea deritzo. Ondorioz, industriak energia gutxiago behar du, lehengai gutxiago xahutzen du eta azpiproduktu toxiko gutxiago sortzen ditu. Katalizatzaileak erregaien, ongarrien, sendagaien eta plastikoen atzean daude jada, eta orain alternatiba garbiagoetarako gakoak dira: CO2 harrapatu eta berrerabiltzea, hidrogeno garbia ekoiztea edo biomasa eta hondakinak produktu erabilgarri bihurtzea. Material aurreratuek bultzatzen dute aurrerapen hori, metal urri edo toxikoen ordez metal ugarietan oinarritutako katalizatzaileetatik entzimetara eta nanokatalizatzaileetara. Katalizatzaile hobeek industria garbiagoa eta lehiakorragoa dakarte, eta, azken finean, ingurune osasuntsuagoak eta produktu jasangarriagoak.
Ekitaldiaren programa
BCMaterialseko zuzendari zientifikoak, Senentxu Lanceros-Méndezek, irekiko du jardunaldia, eta programa hiru bloketan banatuta dago.
Lehenengo blokeak, energia-bektore berderako prozesuen optimizazioari buruzkoak, Pedro Luis Arias (Ingeniaritza Eskola Nagusia, EHU) izango du hasieran, katalisia molekulen ulermenetik aurkikuntza autonomoraino nola doan azalduko duena. Ondoren, Olga Gómez de Miranda Jiménez de Aberasturik (Tecnalia) etorkizun jasangarriago baterako oinarri biologikoko material berriak aurkeztuko ditu.
Bigarren blokeak, katalizatzaileen garapenari eta ulermenari buruzkoak, Pablo Beato (CFM-MPC) izango du abiapuntu: Raman espektroskopiak, argian oinarritutako teknikak, zeolitak (katalizatzaile gisa asko erabiltzen diren material porotsuak) nola eratzen diren, nola funtzionatzen duten eta nola galtzen duten aktibitatea ikustea ahalbidetzen duela erakutsiko du. Max Garcia-Melchorrek (CIC energiGUNE) ikasketa automatikoak elektrizitatearen bidez CO2 eraldatzen duten katalizatzaileen aurkikuntza nola bizkor dezakeen azalduko du, eta Fernando López-Gallegok (CIC biomaGUNE) fabrikazio kimikorako material biokatalitikoak jorratuko ditu. Ana Beloquik (Polymat) katalisi entzimatikoa indartzeko estrategia berritzaileak aurkeztuko ditu, eta Hugo Salazarrek (BCMaterials) MXenoen, bi dimentsioko materialen familia baten, gainazalaren ingeniaritzak nola ahalbidetzen duen nitratoa, uraren kutsatzaile arrunta, amoniako bihurtzea argiaren edo energia mekanikoaren bidez azalduko du.
Hirugarren blokeak trantsizio berdearen ikuspegi industriala eskaintzen du: Jon Meléndez Rey (H2Site), mintz-teknologia aurreratuarekin hidrogeno purua sortzeaz, eta Iker Agirrezabal (SBS), plastikoei eta biohondakinei balioa gehitzeaz.
Doakoa da, baina izena eman behar da azaroaren 18a baino lehen: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScXZpKD2CaKw_UU-iEUHK2-YoxcxLcBq92KnL-5i7jjWUaG5A/viewform
Informazio gehiago: https://www.nm4bl.org/
Related news
IMoH 2026-k neutroi-iturri trinkoen nazioarteko komunitatea bildu du BCMaterialsen
Neutroien zientziako ehun bat espezialista inguru, Europako eta Ipar Amerikako hamabi bat herrialdetatik etorriak, bildu ziren Leioan urriaren 13tik 15era, International Meeting on Challenges and…BCMaterials-en liburu berri batek polimero elektroaktibo dielektrikoen inguruan
Royal Society of Chemistry argitaletxeak “Dielectric Electroactive Polymers: Principles and Applications” liburua argitaratu du, Polymer Chemistry Series bildumaren barruan. BCMaterialseko zuzendari…Artikulu berria Zientzia Kaieran: planetaren mugak errespetatzen dituzten bateria eramangarriak
Digitalizazioak gailuen bizitza baliagarria laburtu eta hondakin elektronikoak areagotu ditu: 53,6 milioi tona 2019an, Nazio Batuen arabera, eta 110 milioi tona aurreikusten dira 2050erako.…BCMaterials-en ikerketa, Journal of Materials Chemistry A aldizkariaren azalea
Maibelin Rosales BCMaterials-eko ikertzaileak gidatutako ikerketa bat, Senentxu Lanceros-Méndez, Javier del Campo eta Jorge Saiz ikertzaileekin batera egina, Journal of Materials Chemistry A…