BCMaterialsek bizitza hobetzeko materialak eraman ditu Zientzia Astera
BCMaterialsek EHUren Zientzia Astearen beste edizio batean parte hartu du, azaroaren 3tik 8ra bitartean. Ohi bezala, gure zentroak aste osoan zehar Bizkaia Aretoan egon diren zientzia-txokoetako bat izan du. Ehunka lagun hurbildu dira gure standera, besteak beste, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak, familiak eta, oro har, herritarrak. Helburua materialen zientziaren aplikazioak eta horiek pertsonen eguneroko bizitzan duten eragina ezagutaraztea izan da, esperimentu erraz eta erakargarrien bidez.
Osasunerako materialek protagonismo berezia izan dute gure txokoan. Jarduerarik arrakastatsuenetako bat hidrogelekin egindako esperimentua izan da. Horri esker, bisitariek beren materiala sortzeko aukera izan dute, alginatoa izeneko biomaterial natural bat erabiliz. BCMaterialseko ikertzaileek azaldu dute hidrogelak sendagaien askapen kontrolaturako, zauriak sendatzeko apositu aurreratuetarako eta ehunen birsorkuntzarako ikertzen direla.
Ehunen ingeniaritzatik inprimaketa funtzionalera
Hain zuzen ere, ehunen birsorkuntza izan da BCMaterialsek bere standean jarritako mikroskopioaren bidez erakutsitako beste ikerketa-arloetako bat. Hezur-ehunaren lagin bati esker, bisitariek kartilago-zelulen garapena eta heltze-prozesua behatu ahal izan dituzte. BCMaterialsek hezur-ehunaren heltze-prozesu hori ikertu du, hidrogelak eta material piezoelektrikoak erabiliz.
Osasunaren arloan, 2D eta 3D inprimaketaren aukerak ere erakutsi ditugu, martxan zegoen inprimagailu baten bidez. Erakustaldi horrek aukera eman digu bi teknologia horiek materialen zientzian dituzten beste aplikazio batzuk azaltzeko, besteak beste, elektronika inprimatua, BCMaterialsen garapen handia duen ikerketa-arloa.
20 ikertzaile baino gehiagoren parte-hartzea
Erakustaldien atala konposatu metal-organikoekin (MOF) egindako esperimentu batekin osatu dugu. Esperimentuaren helburua izan da erakustea material horiek, beren diseinu bereziari esker, uretako kutsatzaileak harrapatzeko gai direla eta, aldi berean, elementu baliotsuak berreskuratzeko aukera ematen dutela, ondoren industria-prozesuetan berrerabil daitezen.
Zientzia Astea dibulgazio zientifikorako ekitaldi estrategikoa da BCMaterialsentzat, aukera paregabea eskaintzen baitu zientziaren balioa gizarteari helarazteko eta herritar askorengana iristeko. BCMaterialseko 20 ikertzaile baino gehiagok parte hartu dute standean azokaren sei egunetan zehar, eta esperientzia oso aberasgarria izan da parte hartu duten guztientzat.
Related news
Hitzaldi gonbidatua Amparo Ruiz Carreterorekin elektronika supramolekular kiralari buruz (azaroak 23)
Azaroaren 23an, astelehena, Amparo Ruiz Carretero, Madrilgo Materialen Zientzia Institutuko (ICMM-CSIC) ATRAE ikertzaile seniorrak, hitzaldi gonbidatu bat emango du BCMaterialsen, «Twist and bond:…BCMaterialsek MOFak eta hidrogelak eraman zituen BeZientzia 2026 zientzia-azokara
BCMaterialsek BeZientzia zientzia-azokan hartu zuen parte urriaren 26an eta 27an. Azoka Bilboko Ensanche eraikinean egin zen, eta Bizkaiko bost BERC zentroak bildu zituen: Achucarro, BC3, BCAM,…BCMaterialsen urteko workshopak trantsizio berderako katalisia jarriko du erdigunean
BCMaterials, Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures zentroak, urteko workshoparen edizio berria egingo du: “New Materials for a Better Life”. 2026ko azaroaren 25ean, asteazkena…IMoH 2026-k neutroi-iturri trinkoen nazioarteko komunitatea bildu du BCMaterialsen
Neutroien zientziako ehun bat espezialista inguru, Europako eta Ipar Amerikako hamabi bat herrialdetatik etorriak, bildu ziren Leioan urriaren 13tik 15era, International Meeting on Challenges and…